XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arazo honen zioa honela adieraziko nuke, esplikatzen jarraian saiatuz: iraultzaren proiektoa, handiuste eta anbizio ikaragarrizkoa da, alegia, arrazoimenaren indarretan fidaturik gizona eta gizartea aldatzea, bateko; eta besteko, aldakuntza hortantxe eta horren bidez giza-bizitzaren eta gizadiaren zentzua eta funtsa bilatzea.

Hau den hau ez nuke ahobero baten moduan esan egin nahi, frogabidez erakutsi baino.

Horri buruz, ahaleginduko naiz, beraz, XVIII-XIX mendeetako ideia nagusi zenbait aztertzen.

Hasi, lehenagotik hasiko naiz, Errenazimendu Harotik, ideiak ez bait dira perretxikoak bezala bapatean jaiotzen.

Eta hala izanda ere, perretxikoa bakarrik ez baino terrenoa bera ere estudiatu nahi nukeelako.

5.1. Errenazimendutik Argien Filosofiara
5.11. Ideiak eta asmoak.

Nahiz-eta Errenazimenduak Erdi Haroarekin izan duen lotura edo ebakidura erabakitzeko iritziak beti eztabaida-dantzan ibili, ukaezina da Haro berri hau krisi garai galanta izan dela.

Eta orain sortu ez bada ere, hemen abiatzen eta indarragotzen da joera anitz.

Fenomenu nagusia, agian, Sekulargintza dateke.